XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lurraren sorrera

Aurreko orrialdeetako irudia (26. jarduera) kontuan hartuta saia zaitez honako galdera hauei erantzuten.

1. Lurrak zenbat urte dituela uste da?

2. Zein garaitakoak dira anfibioak?

3. Mamut iletsua noiz agertu zen Lurrean?

4. Tertziarioak zenbat urte hartzen ditu?

5. Zein dira lurrak dituen aro geologiko desberdinak?

6. Zein garaitan agertzen da gizakia Lurrean?

Azken urteotan egindako ikerketei esker, Lurrean bizia noiztik dagoen, maila bateraino behintzat, finkatu ahal izan da.

Datazioaren garrantziaz ere jardun gara eta gure planetaren iraupenaz zientzilariek uste dutena ere zerbait aipatu dugu. Baina historian zehar honetaz guztiaz iritzi desberdinak egon dira.

Ondoren datorren testua irakurriz pentsamolde desberdin horiek nola aldatzen joan diren ikusiko duzu.

Kosmologia

Garai guztietan, gizadia, Unibertsoaren kontzeptu zabala lantzen ahalegindu da, beti ere esperientzia metatuan eta behaketan oinarrituta.

Ideia hau ez da mugatzen Kosmosaren arlo fisikoetara, eta filosofia nahiz erlijioaren arlokoak diren eta existentzia berarekin zerikusia duten arazoak ere tratatzen ditu.

Ia behin ere ez da sortu Unibertsoaren kontzeptu astronomiko huts-hutsik, hau da inolako izaera metafisiko gaberik.

Antzinateko zibilizazio askok izarrak behatzeko trebetasun harrigarria zuten. Lurra, Kosmosaren erdigunea zela uste zuten, hots, Unibertsoa geozentrikoa zela.